2011/10/09

3. SAKONDU: ORDENAGAILUA, EMOZIO-SORTZAILEAK

ORDENAGAILUAK, EMOZIO-SORTZAILEAK

Makinak izan arren, zirrarak sortzen dituzten gailuak dira ordenadoreak. Horrela, muturreko bi jarrera antzeman litezke: 

Teknofobia: txikitatik erabili ez duen eta bere bizitzan txertatu behar izan duen edozein teknologiari muzin egitean datza. Eskuratu nahi dituen giza-balioak arriskuan jartzen ditu teknologiak teknofobo baten ustez.

Teknofilia: teknologia munduan barneratuta ikusten du teknofilikoak bere burua eta garapen eta berrikuntzak adi-adi jarraitzen ditu. Hainbat onura dakartza teknologiak bere ustez eta garapenaren eta aurrerapenaren sinonimotzat du teknologia.

1. Irakasleen jarrera
Komunikabideen hezkuntza-onuren usteen arabera egiten dute irakasleek alde batera edo bestera irakasleek. Alde edo kontra, zergati batzu azal litezke:

Aldaketaren kontrako erresistentzia
Edozein lanbidetan kostatzen da euskarriak, arrazoiak eta helburuak argi ez dituen aldaketak onartzea, batez ere, egin beharreko lan berria menderatzen ez denean. Hala ere, aldaketa horiek burutzeko bitarteko- eta irakasleen prestaketa-falta izaten dira jarrera negatibo baten arazorik azpimarragarrienak.

Hutsuneak prestaketari dagokionez
Ordenagailuak erabiltzeko teknika gero eta konplexuagoa den heinean, gero eta beharrezkoagoa da tresna era egokian erabiltzeko gutxieneko trebetasuna izatea. Horrez gain, didaktika alorra ere jorratu –eta bide batez osatu– behar luke prestakuntza horrek. A
legia, etengabeko lotura izan behar lukete prestakuntzak eta egiazko erabilera-testuinguruak.

 Autoestima eta frustrazio maila
Teknologia berriekin batera hazi diren ikasleek irakasleak baino lehenago barneratuko dituzte sarritan hainbat tresna edota baliabide. Gainera, makinek eta programek sarritan egiten dute kale eta irakasleari beharrezkoa izango zaio inprobisatzea, aldaketak egitea… Irakaslearen araberako frustrazioa sortzen du egoera honek.
Ordenagailua irakaslearen ordezko gisa
Zeresan handia du eta izango du ordenagailuak heziketa eremuan, informazioa eman, orientatu eta lagunduko duten pertsonez gain, ikasteko materiala behar delako. Hala ere, irakaslearen ordez ordenagailua jartzeak errealitatetik urruti dauden egitura eta antolaketa aldaketa ekarri beharko lituzke.

Ordenagailuaren eraginkortasuna hezkuntzan
Ikertzaileek ordenagailuen onurak birritan azpimarratuta ere, praktika zehatzek, eskarmentuaren ezagutzek eta ekarpen praktikoek ekarriko dute erabilpenaren zabalkundea.

2. Lanbidetik haratago: pertsona
Jarduerak eta gu geroni aldatzen gaitu teknologiaren erabilera instrumentalak. Azken finean, kulturaren, gizartearen eta pertsonaren aldaketak dakartza ordenagailuak hezkuntzan barneratzeak.
Emakumeak
Informatikaren zabalkundea emakumeentzat oso onuragarria izan ez bada ere (80.hamarkadan, gizonek menderatzen zuten informatika-kultura), kontuak aldatuz doaz azken urteotan, eta “egun emakumeek onartuago dute ordenadorea kulturaren baitan” (S. Turke, 1997).
Hala eta guztiz ere, generoen arteko ezberdintasun hori pixkanaka desagertuz doala dirudien arren, badira ezberdintasunak, eta ordenagailuen jokoetan nabaritzen da batez ere. Izan ere, joku horiek gizonezkoei zuzenduta daude (borrokak… direla). Jokoen bitartez, emakumezkoen artean sustatu behar da ordenagailuen erabilera.

 Belaunaldi berriak
Aurretik esan bezala, umeak teknologia berrietara ohituta daude, beren bizitzako beste edozein elementuren pareko dituzte eta informatika-hizkuntza erraz menderatzen dute. Gurasoek, makinak erabiltzen ez badakite ere, onartzen dute seme-alaben informatika-prestakuntza. Hala ere, ezagutza ezari esker, gurasoek ez dakite zein erabilpen ematen dieten seme-alabek ordenagailuari… eta hor sortzen dira arazoak.

Giza-desberdintasunak
Alde batetik, aldez aurretik existitzen diren komunikazio giza-ereduak indartzen dituzte teknologia berriek; bestalde, giza-sare menderatzaileak sustatzen dituzte. Hortaz, komunikabide berriak kultura tradizionalak zurgatu ohi ditu.
Hori horrela izanik, dirudienez, areagotuz joango dira ezberdintasun sozialak. Kontua ez da teknologia berria izatea ala ez, baizik eta diseinuaren nolakotasunak. Bi hitzetan, teknologia orokorrean txertatuko lukeen hezkuntza eta kultura falta dago.

HOBETO IKASTEN AL DA ORDENAGAILUEKIN? ERANTZUN ZAILA ALA GALDERA OKERRA
Hezkuntza alorrean euskarri berri bat agertzen denero plazaratzen da bere erabilpen egokiaren kezka. Euskarri baten erabilpena maneiatzeko zailak diren hainbat aldaeren araberakoa (testuingurua, sinesmena, sortzen duen itxaropena…) da eta hortaz, egokiagoa da ordenagailuaren ikaskuntzaren inguruko berezitasunak eta alderdi bereizgarriak aztertzea.


Testuinguruaren eragina ikaskuntzan
McLuhan (1973)anen esanei jarraiki, teknologia-kontsumitzaile egin gara; hain azkar aldatzen dira hauek zeinen eragiten dituzten ondorioak aztertzea ezinezkoa zaigun. Ideia argirik eman ez duten ikerketen faltan, beharrezkoa da, hala ere, metodoa eta komunikabidea –euskarria– ez nahastea. Horren harira, hiru jarrera daude:
Komunikabideak ikaskuntzan eragiten du. Informatikaren kasuan, positiboa da eragin hori.
Komunikabide bakoitzak efektu sozial eta psikologikoak sortzen ditu bere entzulerian eta giza harreman zehatzetan; eta pentsakeretan, mamiarengandik independente samarra izan ohi dena.
Informatikak, funtzio anitzetako alorra izanik, hainbat hezkuntza filosofia iradoki ditu (B. Somekh, 1992): edukien gehiengoaren ikaskuntza barneratzen laguntzeaz gain, ikasle bakoitzaren erritmora moldatzeko gaitasuna du ordenagailuak; ikaskuntzaren erdigune eta motorra ikaslea izatera bideratzen du, bestalde, esate baterako, tresna kognitibo edota mikromunduen bitartez.
Azken finean, hezkuntza sistema aldatzeko aldaketa eta erreforma elementutzat hartzen da informatika eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko, kostuak jaisteko, elementu curricular berriak barneratzeko… balio izatea espero da.

Komunikabideak ez du ikaskuntzan eragiten. Ordenagailuak ez dira salbuespen.
Ikuspegi honen arabera, metodoek (eduki eta estrategiek) eragiten dute ikaskuntzan eta ez euskarriek. Ikaskuntza ahalbideratzen duten tresna soilak dira euskarriak eta ez dute ikaslearen emaitzan eragiten (Clark, 1994). Era honetara, euskarrien aukeraketa ekonomia kontu bilakatzen da.

Komunikabideak ikaskuntzan eragin dezake. Euskarriaren ezaugarrien araberakoa da.
Euskarriak ez du ere ikaskuntza gidatzen baina ikaskuntzan eragin dezaketen hainbat ezaugarri baditu euskarriak. Funtzio anitza izateari esker, ezagutzak barneratzeko eta aurrez existitzen ez diren informaziora eta komunikaziora heltzeko hainbat era jartzen ditu aukeran teknologiak.
Salomon eta Clark (1977)en arabera, estimuluen garraiatzaile hutsak dira euskarriekin egindako ikerketetan. Euskarriei buruz egindako azterketetan, aldiz, ikasleen ezaugarri kognitibo eta afektiboekin elkar eragiten duten barne-ezaugarriak ikertzen dira.
Azkenik, Vigotskyren ikuspegiaren arabera, elkar eragiteko balio duen tresna da ordenagailua eta jarduerak eraldatzen ditu.

Hedabidearen berezitasunak
Hemendik urte batzuetara argibideak beharko ez badira ere, gaur egun pertsonek laguntza behar dute oso azkar aldatzen ari den hizkuntza ezberdin bat ulertzeko. Izan ere, berezko ezaugarriak baditu informatikak:

Hainbat idazkera sinboliko barneratzen ditu bere baitan
Hainbat euskarri aurki daitezke pantaila berean multimedia edo hipermedia programa batean: irudiak, musika… Aurrerapen handia da berez ezaugarri hori, baina hala ere, askoz mantsoago doaz softwarearen aldaketak eta askotan ez dute bat egiten batak eta besteak.

Dinamikoa da
Zenbait prozesu aldagarri era berean, pantaila berean, erakusteko gai da informatika.

Interaktiboa da
Elkar eragiteko gaitasun handia du informatika-teknologiak: ekintza-erantzuna prozesua berehalakoa da ordenagailuan.
P.Lévyren arabera, interakzio gradua aldagai askoren arabera neur daiteke eta horien artean telepresentzia, birtualtasuna, komunikazioaren elkarrekikotasuna; jasotako mezua pertsonalizatzeko eta bere egiteko aukerak; eta irudiaren inplikazioa.
Hezkuntza softwarearen kasuan, nabigazioaren eta darabilen diseinu hezigarriaren arabera neurtzen da interaktibitate gradua. Horrela, sei interakzio gradu bereizten dira:
  1. Objetuena:teklatu edo saguarekin aukeratutako objetuen erantzuteko gaitasuna.
  2. Nabigazioarena: lineala (sekuentzia-lerroa jarraituz, programan zehar aurrera edo atzera egin dezake erabiltzaileak) ala hierarkikoa (menu edo item bat aukeratuz, programako zatietara irits daiteke).
  3. Loturena: eduki berrietara daraman hitz edo objetuen bitartez informazio berria eskuratzeko gaitasuna da.
  4. Jardueren euskarri gisakoa: programa erabiltzen den bitartean jaso daitekeen laguntza.
  5. Eraikitzailea: jarritako helburuak betetzeko erabili behar dituen osagaiei esker, testuingurua eraikitzean datza.
  6. Bihurkaria: Erabiltzaileak erabakiak hartu, galderak erantzun eta arazoak konpondu behar dituenean.
McLuhanek, bestalde, garrantzia eman zien berezitasunei eta espazio akustikoa eta bisuala ezberdindu zituen, mundu ulertzeko era gisa. Alde batetik, komunikabide bakoitzak espazio horiek bere erara antolatzen dituela azpimarratu zuen; eta bestalde, giza-komunikabideetan era orokorrean eragiten duela ere adierazi zuen.

Eskoletan ordenagailuak erabiltzeari buruzko ikerketak
Kontzeptu teoriko eta eraikitzaileak frogatzera edota teknologiaren erabilera-efektuak aztertzera bideratzen dira ikerketak kasu honetan (ez nahastu ebaluazioekin, zein erabileraren eraginkortasuna neurtzen duten).

M.Hannafin eta laguntzaileen (1996) arabera, alor teknologikoan garatu eta erabili diren ikerketen garapenarekin daude lotuta ordura arte egindako ikerketak. 5 fase bereiztu zituzten: 
    1. fasea: hezkuntzako programa informatiko jakinak erabilerakoan, ikasketa efektuak aztertzen dira.
        2. fasea: tresnaren eraginkortasuna ikuspuntu ekonomikotik begiratzen du.
        3. fasea: hezkuntza softwarea garatzeko egokienak diren teoriak ikertzen dira.
      4. fasea: irakasuntza-ikaskuntza prozesuaren berrikuntzak aztertzen ditu, ikuspegi psikologiko eta pedagogikotik.
        5. fasea: teknologiaren erabilerak orokorrean eragindako ondorioak ikertzen ditu.


Reeves (1995)ek sei helbururen arabera sailkatzen ditu ikerketak:
  1. Ikerketa teorikoa: hainbat alorretako teoria eta printzipioen azterketa logikoan oinarritzen da.
  2. Ikerketa enpirikoa: teknologiak giza-komunikazioa, ikaskuntza eta egikaritzeekin lotutako fenomenoak deskribitzen eta interpretatzen ote dituen ikertzen du.
  3. Interpretaziozko ikerketa: teknologiaren erabilerari, ikaskuntzari eta giza-komunikazioari buruzko fenomenoak deskribitu eta interpretatuz, hezkuntzak nola funtzionatzen duen ikertzen du.
  4. Ikerketa postmodernoa: izkutuko ezaugarruak azaleratzeko helburuarekin, ikaskuntza eta giza-komunikazioan teknologiak duen eraginaz aritzen da.
  5. Garapenari buruzko ikerketa: teknologiak erabilerak eragindako giza-garapenaren aldaketak ditu ardatz.
  6. Programa, produktu edo metodo jakin baten ebaluazioan oinarritutako ikerketa: produktuaren eraginkortasuna balioestea du helburu.
Eta horrez gain, ikertzeko 5 metodologia izendatu zituen:
  1. Kuantitatiboa: datu kuantitatiboak metodo estatistikoekin aztertzen ditu.
  2. Kualitatiboa: datu kualitatiboak biltzen ditu eta metodo etnografikoen bidez azaltzen.
  3. Teoria kritikoa: testu eta teknologiak eraikitzen ditu, explizituak ez den diskurtsoa bilatuz.
  4. Literaturaren berrikuspena: beste ikerketen analisi eta integrazioa da.
  5. Mixtoa:
Reevesen ikerketen emaitzen arabera, ikerketa gehienak enpirikoak dira eta metodo kuantitatiboa da gehien erabiltzen dena; metodo kualitatiboa eta teoria kritikoa apenas erabiltzen dira.
Ikerketak sailkatzeko beste era bat da makroestudio (hezkuntza maila ezberdinetan, informatikaren erabileran eta atzitzeko gaitasunean oinarritutakoak) eta mikroestudio (erabiltzen diren produktuen eta gela edo ikstetxeetako integrazio eta ikaskuntza curricularren ikerketan oinarritutakoak) gisa definitzea. Azken horien artean hiru motatakoak ezberdindu daitezke, ardatz hartzen dutenaren arabera: produktua; erabiltzailea; edota testuingurua.
Beste hainbat ikerketa garrantzitsu ere badira: Clark eta Sugrue (1988), Castaño (1994), G. Salomon (1992)…

Zer geratzen da ikertzeko?
Orain arte garrantzia gutxi eman zaio teknologiaren eraginari antolakuntzaren, metodologiaren eta kultura-balioen esparruan. Asko dago oraindik ikertzeko teknologien eraginaren inguruan, besteak beste, gizarte, kognizio, bertaratzeko eta erdi bertaratzeko ikasketa… kontuekin lotutako arazoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario